XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) partaidetzat har ditzanik euskaldunak, beroriek dioten bezain tonto lerdoa izanik ere.

Horiek erromanizatua homo celsius deklaratu dute.

Horientzat, gu gara, ez garenak: erromanizatu gabekoak.

Euskaldun izatea ez da zerbait izatea, zerbait ez izatea baino.

Berak ez izatea.

Berak bezalakoxeak ez izatea.

Ikuspide horrekin, horiek onar diezaguketen askatasun eta jabetasun guztia, amerikanoek indioei reserbatuetan aitortu dieten askatasun eta jabetasuna da, gehienez ere.

Zuzenean herri bat likidatu nahi izatetik, soil bizitzen uztera, heriotzaren mugan, badago aldea, moduan batipat.

Itxuratsuago da.

Baina euskaldunek ez dute oraindik asmorik agertu, indioen antzera reserbatuetan bizitzeko, federazioa aipatzen duen askok horrelako zerbait adierazi nahi duela, susmo hartzen bada ere.

Jende inzibilizatuentzat reserbatuak antolatuko dituen demokrazia: ez da hori euskaldunok nahi dugun demokraziarik.

Guk ez dugu batere asmorik, euskaldunek XX., XIX. ala XVIII. mendeetan ibili dituzten lehenagoko bideak besterik gabe ontzat emateko, euskaldunek ibili zituztelako soil, ezta euskaldunen alde ibili zituztelako ere.

Besteren batzuek ere, ordea, ezin eternalki jarrai dezakete liberalismo zaharkote baten eta absolutismo sasi-ilustratu baten ikuspideekin.

Euskaldunok gure mitoak erre behar baditugu, besteek beren ipuinak ez dituzte gutxiago kiskali behar.

Gure etxea etorkizunean dagoela, uste dugu.

Baina etorkizunik ez dago halako lagunekin.

Absurdua da, herrien berdintasunik aitortzen ez den lekuan, herrien elkartasunik aipatzea.

Euskaldunon basakeria, arlotekeria, aspaldiko ipuin bat izan eta gero, XVIII. mendean hasi da Espainian printzipio politiko bihurtzen.

Orduan hasi ziren esaten, euskaldunek ez dutela historiarik, ez dutela kulturarik eta zibilizaziorik, basapizti hutsak direla, hizkuntza tartaila dutela, beren Foruak Erregek emaniko pribilegioak direla eta, beraz, euskaldunek ez dutela zergatik beren buruen jabe izan eta Erregeri menperatu behar dutela.

Honela harturik, euskaldunon basakeriaren kontua euskaldunoi askatasunik ez uzteko printzipio politikoa besterik ez da.